XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Beste kasu batzuetan, militantzia politikoaren eragina edota sendi-giroan sortutako idazteko ohitura.

Andereñoak, militanteak, idazle eta bertsolarien familiakoak ziren, gehienbat, orduko idazleak.

Gizarte-aldi konkretu batean, emakume haiek betebehar konkretuak eman zizkieten beren buruei, eta halaxe erantzun.

Askotan, beharbada, idazlearen askatasunaren truke.

Argigarria eta beharrezkoa izango litzateke, dena dela, sakabanaturik dauden idaztiak, agortutako liburuak, bildu gabe gelditu diren lanak, galduta dauden emaitzak eta, oro har, gehiegi preziatu ez diren emaitza hauek, berrikusi eta errekuperatzea.

Ez dira denak balio berekoak izango, baina altxor bakar bat aurkitzeak justifikatu egiten du gehienetan bidaia luzearen nekea.

Ikusi ahal izan dugunez, maila ahulez lotutako katea finak zeharkatzen du XX. mendea emakume idazleei dagokienez.

Katea horretan aurrerapauso handiegitxoa egin, eta 1960-70 urteetara irits gaitezke.

Gehienbat, 1950 inguruan jaiotakoak izango dira gerra aurretik ari zirenekin batera, hamarkada horretan eta ordutik hona idatziko duten emakumeak.

Azaleko ibilbide honen unerik arriskutsuena, azken urte hauetan gertatu denaren kondaira da.

1960an pizten da hala esan daiteke urte batzuk gorabehera mendeko bigarren boom-a.

Eta bigarren garapen-aldi honetan ere barra-barra agertzen dira emakume-izenak.

Anaitasuna, Zeruko Argia, Egan, Jakin eta beste zenbait aldizkari arakatuz gero, makina bat emakumezko aurki dezakegu.

Besteak beste, Amaia Lasa, Arantza Urretavizcaya, (...) eta, orain ere, abar luzea.

Antza denez, beste lan batzuetan ari da orain dela hamar-hamabost urte zeregin haietan zebilen jende dexente.

Aurrera egin dutenek literaturgintzan dihardute, obra erabat pertsonala eraikitzen, maiztasun desberdinez beren lana irakurlegoari eskaintzen: baina gehiengoak bertan behera utzi du hasitako lana.

Azken batean, erabaki pertsonala izaten da une batean planto egitea; eta hurbilegia dateke historia, teoriarik azaltzera ausartzeko.

Kateak jasan duen eten edo ahultze hori, ordea, kontutan hartzekoa da, eta ez bakarrik izan ditzakeen konnotazio negatiboak direla eta.

Mende-hasierako emakume haientzat, idaztea izan zen zerbait egiteko aukera bakarretakoa.